Anoeta - Hernialde - Alkiza - Basagain - Anoeta: kultur ondarea ezagutuz
near Anoeta, País Vasco (España)
Viewed 260 times, downloaded 49 times
Trail photos
Itinerary description
“Asaba zârren baratza/untzadun ormek esia,/eguzkiak lên maitea…” idatzi zuen Xabier Lizardik behinola. Ibilbide honen xedea asaba zaharren baratzean murgiltzea da, Oria ibarreko hiru udalerri horien ondarea ezagutaraztea eta gozaraztea; gerora denon artean zaindu dezagun. Gure herriaren ondarea kultur eta natur ondasunen multzoa da, gure arbasoengandik oinordetzan jaso duguna. Gaur egun arteko historia, ohiturak nahiz bizitzeko modua ulertzen eta ezagutzen laguntzen diguna. Ondarea gizakiak sortutako oroitzapen kolektiboen eta identitatearen oinarria da, kultura, hizkuntza eta bizitzeko modu zehatz batekin identifikatzeko baliagarria dena. Iraganetik jasotzen dugun ondarea, unean bertan bizi duguna, eta etorkizuneko belaunaldiei utziko dieguna: memoriaren ondare eta ondarearen memoria.
Ibilbidea Anoetako tren geltokian hasiko dugu, handik herriko plazara igoz, XVI. mendeko San Joan eliza kokatuta dagoen lekuan hain zuzen ere. Liburutegi ondotik pasa eta Ergoien bailarako homigoi-bidea jarraituz Iturgaitzaga baserrira igoko gara, han, ezkerrera jo eta Isastiko barrutira helduz. Isastin bidegurutze bat aurkituko dugu, eskuineko bidea hartuko dugu; zuhaitz artean dagoen bide zabal bat hain zuzen ere. Handik Anotzaga Handi eta Txiki, Bidebieta eta Iturburu baserrien ondotik igarota Hernialdeko Santa Kruz Apaizaren plazara helduko gara.
Jasokundeko Ama Birjinaren plaza eskuinetik igaro eta kalbarioen bideari jarraituz Urdanbidelus Handi eta Arreginea baserrietara helduko gara. Aurrerago, kalbarioko zazpi gurutzeen azpiko aldetik pasa eta gurdi-bide batean kokatutako bidegurutze batera iritsiko gara, ezkerreko bidea hartuko dugularik. Bide horri jarraitu eta pago handi bat topatuko dugu, mugakide diren hiru udalerrien mugarriaren ondoan dagoena eta horien inizialak dituena alegia: Anoeta (AN), Alkiza (A) eta Hernialde (E). Bidea jarraikiz Alkizako Arana bailarako Urkullu eta Arraitza baserrietara helduko gara; aurrerago Anoeta eta Alkiza elkartzen dituen errepidera iritsiz. Errepidearen ondoan dauden Antzieta, Intxaur Handi eta Bentzalaga baserrien ondoan aurrera egin, eta laster, eskuinera doan auzo-bidea hartu eta Alkizako erdigunera iritsiko gara, Peru eta Lete oinetxeeen aurretik. Herri-gunea San Martin elizaren inguruan eraikia da. Elizaren interesgunerik nagusienetakoa Miguel de Irazusta herriko semeak zizelkatutako erretaula da; Euskal herriko eskultura barrokoa ezagutzera eman zuen Aginaga baserrian jaiotako artistak.
Plazatik aparkalekuaren ondoan dagoen Santiago baselizarantz egingo dugu, Azaldegi bailaran. SL-Gi 6 ibilbideko marka zuri-berdeei jarraituz Etxabe-Txiki baserria atzean utzi eta Txurro mendira helduko gara. Sakamidra bailaran, Aginaga eta Saletxe baserrietara jaitsiko gara. Aginaga baserriaren fatxada nagusian atea inguratzen zuen puntu erdiko arkuaren aztarnak ikus daitezke, armarri handi eta idi-begi bat haren gainean. Bi eguzki-erloju ere baditu etxe horrek.
Xendari jarraituz, Anoetako Goibailara auzoko Aginaga Azpikoa baserrira eta bertako karobira iritsiko gara. Karobi edo kiskaltzeko labe honetan kare-harria erretzen zen 1.000º C-tan, kare bizia egiteko. Kare bizia soroak ongarritzeko, etxeak zuritzeko, bazterrak desinfektatzeko eta arrautzak kontserbatzeko ere erabiltzen zen. Aginagazpitik behera Asuribar baserri ondoko bidegurutzera iritsi eta aldapan gora ekingo diogu. Aldapa horren ondotik mehatzetara joateko aukera bada. Errepidea utzia eta eskuinera egingo dugu basoko bide bati jarraituz Basagaingo aztarnategia topatu arte. Eskuinera egin aurretik, hala ere, 50 metro aurrera egin ahal dugu Ateaga baserria bisitatzeko. Aurrez aipatutako desbideraketan eskuinera eginda.
Basagainen (295m) duela 2.500 urte inguru hiruren bat hektareako Burdin Aroko herrixka bat dago. Barruti honek Oriako haran gehiena hartzen zuen. Herrixkak leku estrategikoetan kokatzen ziren, eta leku horietatik lurralde zabala kontrolatzen zuten. Harresiz inguratutako barrutiak ziren. Etxebizitzak egurrarekin, lokatzarekin eta harriarekin eraikitzen zituzten. Etxebizitzaren erdialdean beheko sua zegoen, eta gainerako gelak landarezko armazoiaren gainean egindako lokatzezko hormek banatzen zituzten. Burdin Aroko jendeak, burdinaren metalurgia menperatzeaz gain, zeramikan tornua erabiltzen hasi ziren, eta egurra tailatu eta beren jantziak ehuntzen ere moldatzen ziren. Zereal eta lekadun laborantzak zabaldu ziren. Alea ontzi handietan jasotzen zuten, ondoren eskuz ehotzeko. Ardiak, ahuntzak, behiak eta txerriak hezten zituzten, eta animalia horietatik haragia, esnea, artilea eta lan-indarra ateratzen zuten. 1995. urtetik, Aranzadiko arkeologo talde batek, Xabier Peñalverren eta Sonia San Joséren zuzendaritzapean, udaro indusketa-kanpaina bati ekiten dio Basagain mendiaren gailurrean aurkitu den herrixkan. Herria biltzen zuen harresiaren aztarnak aurkitu dituzte eta orobat etxebizitzenak: esaterako, zutabeetako falkak eta pezoak. Halaber, zeramika-ontzien pusketak berreskuratu dituzte, gehienak eskuz egindakoak, tornuz egindako gutxi batzuk badiren arren. Nabaria da burdina erabiltzen zela, material horretako pusketak eta zepak aurkitu dira eta. Datazio radiokarbonikoen arabera, herrixka hau duela 2.000-2.500 urtekoa da. Anoetako Udalak talaia apropos honetan informazio-panelak jarri zituen arkeologia-gune honetaz gozatu nahi dutenei bisitaldi gidatua errazteko.
Basagainen zokomiran aritu ostean bertara igotzeko hartutako bidetik behera egin eta atzera Basagaingo bidegurutzera iritsiko gara; bertan PR-Gi 127 ibilbideko markei jarraituz Agirre Txiki bordarako eta Agirreko karobirako bidea hartuko dugu. Bide honi jarraituz Anoetako Elbarrena bailarara helduko gara, eta Sarobe, Agirre, Etxeberria, Arrotarte eta Tapia baserriak ikuskatu ahalko ditugu besteak beste.
XVI-XVII. mendeetako Tolosaldeko baserriak
Baserria da familiari izena eta izana eman izan diona. Baserria, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerarako eta familiaren bizimodurako beharrezkoak diren toki guztiak hartzen dituen espazio fisiko eta berezko identitatea duen eraikuntza arkitektura-eredua da.
XV. mendearen amaieran sortu ziren, aurrez zeuden Erdi Aroko etxolen ordez, herrialdeko baldintza sozial, ekonomiko eta teknologiko berrien erantzun. Eskualde honetan lehenengo baserrien eraikuntza XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen lehenengo erdian hasi zen. Garai hartan, tradizio gotikoaren eta errenazimentuaren elementuak tartekatzen ziren. Zura dugu lehen baserri hauen arkitekturaren protagonista nagusia, harizti ugariek zurezko egitura eskergak egiteko nahi adina material ematen zuten-eta. Barruan, sagardoa egiteko dolareak baldintzatzen zuen espazio guztia. Beheko solairuan aziendak gordetzen ziren hala behar zenean eta goiko solairuetan uztak, garia eta artatxikia batez ere. Nekazarien bizitokiak ez zuen leku handirik hartzen. Ibilbide honetan errenazimentuko baserri-dolare mota honen bi adibide bikain ikusiko ditugu: Sarobe eta Arozetxea baserriak. Biek dituzte barnean sagardoa egiteko dolare handietako zurezko zutabe eta habeen egiturako zatiak. Aipagarria da, bestalde, Iturgaitzaga baserriaren harri zizelkatuko leihoburuak, arku konopialen forma dutenak.
XVII. eta XVIII. mendeetan, baserriak berritu egin ziren aurrerapen teknologiko eta bizilagunen behar berrietara egokitzeko. Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sagardoaren ekoizpena moteldu zen, labore berri eta iraultzaile bat agertzen zen bitartean: artoa. XVII. mendearen hasieran, elementu berriak agertu ziren Anoetako baserrien arkitekturan, hala materialetan nola eraikinen diseinuetan. Ateaga da arkitektura eraberritu duen beste baserri nagusietako bat eta haren aurrealde nagusia Anoetako guztien artean monumentalena da. Eraikinak zurezko armazoien tradizioari eusten dio, beheko solairuan, leihoen eta arkuaren inguruan harlandua nabarmentzen den arren. Ardatz bertikalean honakoak nabarmentzen dira hurrenez hurren: goiburuko zurezko urkila alderantzikatua, familiaren armarria eta ezkaratzaren aurreko erdi-puntuko arkua.
Etxeberria eta Tapia XVII. mendearen bigarren erdian edota XVIII. mendearen hasieran zaharberritu ziren baserri handietako bi ditugu. Bi baserriotan ikusgarriak dira teilatupeak eta horiei eusten dieten zutabeak eta besoak. Teilatupe edo ganbara hauetan uztak eta belar-bazka gordetzen ziren eta zurezko egituran zeuden hutsuneen bidez aireztatzen zituzten. Aipatzekoak dira zurezko armazoiak eta aurrealdearen goiburuan dituzten urkila alderantzikatuak edo astazalkiak, eskualde honetako baserrien arkitekturan soilik ematen den elementua.
Tapia baserrian gaudela, trenbidearen gaineko zubia igaro ostean ezkerretara hartuko dugu. Kasu honetan Santiago bidea seinaleztatzen duen gezi horiak jarraituko ditugu Anoetara iristeko. Oria ibaiaren ertzeko bide horri jarraituz Erausi eta Allegi baserrien ondotik igaroko gara, ibilbidea Arotzetxea baserri ondoan kokatutako tren geltokian amaituz.
Waypoints
Hernialdeko udaletxea
Hernialdeko Santa Kruz Apaizaren plazan kokatutako udaletxea
Gurdi-bidea
Hernialdeko Txingurri bailaratik Alkizako Aranea bailarara doan gurdi-bidea
Arana bailararen ikuspegia
Intxaur Handi baserritik Hernioko mendilerrorako ikuspegia
Aginaga baserria
Aginaga baserriaren fatxada nagusian atea inguratzen zuen puntu erdiko arkuaren aztarnak ikus daitezke, armarri handi eta idi-begi bat haren gainean. Bi eguzki-erloju ere baditu etxe horrek.
Basagain
Basagain gailurra eta Burdin Aroko herrixkaren azterna arkeologikoak. Uzturre eta Ernioko mendilerrorako ikuspegia. Basagainen (295m) duela 2.500 urte inguru hiruren bat hektareako Burdin Aroko herrixka bat dago. Barruti honek Oriako haran gehiena hartzen zuen. Herrixkak leku estrategikoetan kokatzen ziren, eta leku horietatik lurralde zabala kontrolatzen zuten. Harresiz inguratutako barrutiak ziren. Etxebizitzak egurrarekin, lokatzarekin eta harriarekin eraikitzen zituzten. Etxebizitzaren erdialdean beheko sua zegoen, eta gainerako gelak landarezko armazoiaren gainean egindako lokatzezko hormek banatzen zituzten. Burdin Aroko jendeak, burdinaren metalurgia menperatzeaz gain, zeramikan tornua erabiltzen hasi ziren, eta egurra tailatu eta beren jantziak ehuntzen ere moldatzen ziren. Zereal eta lekadun laborantzak zabaldu ziren. Alea ontzi handietan jasotzen zuten, ondoren eskuz ehotzeko. Ardiak, ahuntzak, behiak eta txerriak hezten zituzten, eta animalia horietatik haragia, esnea, artilea eta lan-indarra ateratzen zuten. 1995. urtetik, Aranzadiko arkeologo talde batek, Xabier Peñalverren eta Sonia San Joséren zuzendaritzapean, udaro indusketa-kanpaina bati ekiten dio Basagain mendiaren gailurrean aurkitu den herrixkan. Herria biltzen zuen harresiaren aztarnak aurkitu dituzte eta orobat etxebizitzenak: esaterako, zutabeetako falkak eta pezoak. Halaber, zeramika-ontzien pusketak berreskuratu dituzte, gehienak eskuz egindakoak, tornuz egindako gutxi batzuk badiren arren. Nabaria da burdina erabiltzen zela, material horretako pusketak eta zepak aurkitu dira eta. Datazio radiokarbonikoen arabera, herrixka hau duela 2.000-2.500 urtekoa da. Anoetako Udalak talaia apropos honetan informazio-panelak jarri zituen arkeologia-gune honetaz gozatu nahi dutenei bisitaldi gidatua errazteko.
You can add a comment or review this trail
Comments