Elbarrena-Basopeta-Atxulondo-Pagamendi-Egieta-Kanposantua
near Ubare, País Vasco (España)
Viewed 186 times, downloaded 6 times
Trail photos
Itinerary description
Waypoints
00-Joxe Arregi plaza
0 km. Ibilbidea Zizurkilgo Elbarrenako Joxe Arregi plazatik abiatzen da. Rotondatik gora, Adunara doan errepideko ezpaloitik hartuko dugu.
01-Ihartza
0.6 km. Bulandegi bideko etxadiaren amaieran ezkerretik gora ateratzen den errepide txikia hartuko dugu. Honek Ihartza auzunera eramango gaitu, Arrospide eta Isidroenea etxeen tartetik.
02-Beibategi
1.2 km. Ihartzatik 500 metro egingo ditugu aurrera herribidetik. Galardi baserriaren albotik, Beibategi jatetxera iritsiko gara. Han Herrigunera igotzen den errepidearekin bat egingo dugu. Pello Mari Otaño bertsolari handiaren jaiotetxe izan zen Errekalde baserriaren parean eskuinera joko dugu, Adunibar aldera, Abiadura Handiko Trenaren zubipetik.
03-Loidierrota
Abiadura Handiko Trenaren zubiaren azpitik jarraituz, laister iritsiko gara Loidierrotara.
04-Salobieta
2.2 km. Beste 500 metro egingo ditugu, erabat lauak eta Salobieta edo Adunaerrekaren albotik. Laster iritsiko gara Salobietako zubira. Igarota, Adunako Udalerriko eremuan sartuko gara. Zubian bertan iturri ederra dugu.
05-Basopeta
4.1 km. Behin Adunako lurretan, bideari 1.300 metro jarraituko diogu, goraka beti, Pagoaga baserriaren ondotik pasatuz. Adunatik gora datorren pista zabalarekin bat egingo dugu eta hau hartuz, beste 500 bat metro eginda Basopeta izeneko atsedengunera iritsiko gara. Dagoeneko 4 kilometro egin ditugu. Hor hiru bide azalduko zaizkigu aurrera jarraitzeko: eskuinekoak Belkoainera eramango gaitu. Erdiko zabalari, nagusiari, jarraituko diogu.
06-Txingorri
4.8 km. Basopetatik aurrera doan pista 800 bat metro jarraituta, Txingorriko bidegurutzera iritsiko gara, goraka beti. Ezkerrekoa Arizkurutzeta eta Pagamendi aldera doa. Eskuinetik gora jotzen duen adarra hartuko dugu.
07-Gelita
5.7 km. Pistatik Txingorritik gora kilometro bat eskas egin ondoren, Gelitako gainera iritsiko gara. Eskuinean Gelitako borda ikusiko dugu. Jarraitu beheraka pistatik.
08-Itzumitz
6.3 km. Gelitako gainetik behera laister jaitsiko gara Itzumitz baserrira. Hor bukatzen da pista zabala eta handik aurrerakoa baso arteko mendi-bidea izango dugu. Hurbiltzean, langa bat zeharkatuko dugu. Behin eraikinetara iritsita, etxearen eskuin albotik jarraituko dugu markatu gabeko tarte batez. Pare bat pasabide txiki zeharkatuta, behera jotzen duen bideari jarraituko diogu.
09-Bidegurutzea
6.8 km. Itzumiztik 600 bat metro jaitsita, bidegurutze batera iritsiko gara. Kontuz, markatu gabe baitago eta oso erraza da nahastea edo ez ikustea. Ezkerretik Saratxoeta baserrira goaz. Eskuinekoa hartuko dugu, Atxulondo aldera. Gero bidegurutze honetara itzuliko gara.
10-Atxulondo
7.3 km. Atxulondo burdinola (edo Arsulondo, agiri zaharretan deitzen zioten bezala), Abalotz errekaren sakanean goialdean dagoen ingurune natural berezia da eta axola handiko instalazio hidrauliko izan zenaren hondakinak kontserbatzen ditu. Garai oparoenean 25 bat lagun aritzen omen ziren bertan zuzenean edo zeharka lanetan. Atxulondo burdinola Zizurkilgo ipar-mendebaldean dago, herriko gunetik urrutien dagoen parajean. Gaur egun basoaren erdian galdurik dago eta sasiak ia janda dauka. Saratxoetaerreka eta bestelako erreketatik iristen diren urak biltzeko bi presa eta ur emaria erregulatzeko urtegia, antapara eta beste eraikin batzuen arrastoak kontserbatzen ditu, baina urtetik urtera nabarmen hondatzen ari da.
11-Saratxoetako karobia
Saratxoeta baserrira iritsi aurretik langa zeharkatuko dugu, justu hondatzen ari den baserriko karobiaren parez-pare.
12- Saratxoeta
8.1 km. Goitik behera eraitsitako baserria da Saratxoeta, garai batean inguru osoari izena eman ziona. Gaur baserria zenaren ormak diraute justu-justu eta urtetik urtera geroz eta egoera okerragoan dago.
13-Ur-txabola
8.4 km. Saratxoeta baserrikoek argindarra lortzeko erabiltzen zuten turbinaren hondakinak.
14-Uso-puestoa
8.8 km. Ehiztariek erabiltzen duten altuera handiko uso-puesto baten azpitik jarraituko dugu, Pagamenditik datorren Astaerrekaren albotik, beti gora.
15-Oiartzun
9.7 km. Saratxoetatik gora Hegoaldera jota, Oiartzun baserria zenaren ondoko lepora eta pista zabalera iritsiko gara. Saratxoetatik gatozen bezala begiratuta, bidegurutze horretatik ezkerrera hartzen badugu, ekialdera, Arizkurutzeta eta lehen igaro dugun Basopetara itzuliko ginateke. Eskuinera, mendebaldera, Peruazkarate, Zarateko benta eta Ezkeltzu aldera joko genuke. Guk parean dugun langa zeharkatu eta hegoaldera ateratzen den bidea hartuko dugu, Pagamendi aldera. 343 m
16-Pagamendi
10.3 km. Oiartzun aldetik gatozela, inguruari izena ematen dion Pagamendi baserriarekin topo egingo dugu aurrealdean. Iritsi aurretik, ezkerretara jo behar dugu, Hegoaldera, belaze zingiratsua guztiz zeharkatuz, Ibiturrira jaisten den bidearen hasiera aurkitu arte.
17-Ibiturri
11.5 km. Pagamenditik 1.200 metro jaitsita, Ibiturri ingurura iritsiko gara. Hor bat egiten dute Zizurkilgo Lizardi eta Otsoerrekak batetik eta Adunako Katamira eta Arrazubierrekak, Ibiturrierreka osatuz. Ia 200 metro behera etorri gara Pagamenditik, orain Egietaraino igotzea tokatzen zaigu.
18-Egieta
12.9 km. Kilometro eta erdiko aldapa igoko dugu Ibiturritik eta Egieta etxearen ondoan bat egingo dugu Herrigunetik Zarateko Bentara igotzen den errepidearekin. Egieta etxea pasa eta berehala hego-ekialdera doan bidea hartu eta Areta aldera joko dugu.
19-Ispillaga
13.7 km. Egietatik gatozela, behin Aretako auzunea zeharkatuta, zuzenean Kalixara jaisten den Ispillagako hormigoizko bidea hartuko dugu.
20-Kalixa
14.0 km. Arritxipi baserriaren albotik jaitisita, Aduna aldetik Herriguneran igotzen den errepidearekin bat egingo dugu Kalixan. Auzune txiki honetan 1905ean eraikitako Done Mikel Goiaingeruaren ermita eta bizpahiru eraikin daude. Alboan aska bat ere ikus daiteke. Gatozen bezala errepidea zuzen zeharkatu eta goraka jo berriro, Hegoaldera. 111 m
21-Kanposantua
14.8 km.Agerre baserrien albotik 600 bat metro igota, Herrigunetik datorren errepidearekin bat egin eta Zizurkilgo kanposantura iritsiko gara. Hemen amaitzen dira ibilbidearen aldapa gorak.
22-Azkenportu
15.8 km. Kanposantutik jaitsi gara eta Zizurkilgo auzune berri batera iritsiko gara: Azkenportu. Asteasurako errepideko rotonda eta Asteasuko erreka zeharkatu eta Benta aldean bide gorriarekin topo egingo dugu. Ezker aldera, Ekialdera eta azken 400 metroak eginda hasierako gunera iritsiko gara, Joxe Arregi plazara. Osatu ditugu ibilbidearen 16,3 kilometroak.
You can add a comment or review this trail
Comments