Activity

IBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida

Download

Trail photos

Photo ofIBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida Photo ofIBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida Photo ofIBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida

Author

Trail stats

Distance
2.54 mi
Elevation gain
692 ft
Technical difficulty
Easy
Elevation loss
692 ft
Max elevation
1,248 ft
TrailRank 
47
Min elevation
590 ft
Trail type
Loop
Coordinates
174
Uploaded
June 30, 2023
Recorded
June 2023
Be the first to clap
Share

near Garai, País Vasco (España)

Viewed 57 times, downloaded 1 times

Trail photos

Photo ofIBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida Photo ofIBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida Photo ofIBILBIDE HISTORIKOAK. Bizkaiko eta inguruko kastroak eta oppida

Itinerary description

Oraingo honetan Bizkaiko eta hurreko kastroak eta oppida (“oppidum-i”, pluralean “oppida”) kokatuko doguz bere tontorretan. Jakina, II Burdin Arokoak dira, nahi-ta zaharrenak I Burdin Aroan hasitakoak izan daitekezan.

Txuntxur (tontor) hareetara heltzeko Wicilocen trak bakarra sartu daitekeenez, Galdamesko Pico Morokoa atxiki deutsat, eta horregaitik beste kasu batzuetan nire trak baten barri be emongo dot muno jakin batera joateko. Zelangura be, kastroak gainean daukiezan mendiak oso ezagunak izanik, behar izan ezkero, interesa daukanak erraz idoroko (eriden) dituz ibilbideak.

Huerto del Mororen kasuan ezin izan dot kokapen zehatzik emon (Campillo de Mena, San Pelayotik hur). Osterantzean, beste kastro batzuk aitatu diran arren, errazoi batzuk dirala kausa ez ditudaz hemen jaso:

- Castro de El Peñón, Zierbena. Kastroen zerrenda eguneratu eta fidagarrienetan ez da aitatzen, eta ez dago inon indusketearen aitamenik.

- San Bartolomé (edo “de Berrandúlez”), Mena. Zerrendaren batean ego narren, artikulu batean arkeologiak argiro dinoe ez dagoela kastrotzako joteko arrazoirik.

-Artolatx, Abadino. Gitxi aitatua; seguruenik Axtxikiko balizko bat litxateke, baina ez dot ezelako informazinorik idoro.

- Santa Águeda, Arrastaria, Aiara. Gaur egun erromatar kanpamentutzako joten da.

- El Parapeto, Okendo (Aiara). Teorian Kiputxueta tontorrean dago, Gallarraga mendiaren ondoan, baina ez dago ezelako informazinorik.


Zalantzazkoa deritxet beste kastro batzuai, kastroen zerrenda batzuetan agertu arren, ez dodalako inon daturik idoro: Huerto del Moro (Campillo de Mena), Ilunbe (Dima).

Kastro (“castra” pluralean) eta oppida honeek ondo ulertzeko II Burdin Aroa gurean zertan datzan ulertu behar dan lez, beharbada leidu behar zenduke ondoren eskaintzen deutsudan azalpena, luzetxu baderitxazu be.

Oharra: k.a. (kristo aurreko), k.o. (kristo osteko)


II BURDIN AROA SORTALDEKO KOSTA KANTABRIKOAREN MENDEBALDEAN
(AIARA, MENA, SÁMANO, BIZKAIA, DEBA ARROA)

Kantauri kostaldearen sortaldean II Burdin Aroko komunitate moltso bat finkatu zan k.a. III mendetik k.o. I mendea artean. Garai hartan kastroa edo herrixka gotortua izan zan bizileku motarik bereizgarriena iberiar penintsularen mendebaldean. Bizkaian, Kosnoagako kastroa da (k.a. VI) ezagutzen dan zaharrena.

Aro protohistoriko hau, II Burdin Aroa, erromanizazinoagaz amaitu zan, kristau arora sartzean, eta bertako jenteak bere tradizinozko antolaketa sozio-politikoaren, ekonomiaren eta bizimoduaren amaierea ikusi eban.

KASTROA ETA OPPIDUM-A

Euskal Herriko isurialde atlantikoan II Burdin Aroa baino lehenagoko kokagune gitxi idoro dira, seguruenik Kalkolitiko eta Brontze Aroko aire zabaleko asentamenduak arrasto gitxi itxi dabelako. Handik aurrera, barriz, gune gotortu ugari agertu dira munoetan, kastroak, lurraldearen kontrol estrategiko handia eukenak.

- Kastroak -
Neurri apaleko herrixkak dira, eta askotan esparru nagusiak ez dauka hektarea bi baino gehiago. Badirudi hainbat faktore dirala kausa aukeratu zirala lekuak, hala zelan ingurunearen aprobetxamentu ekonomikoa, espazioa begiz kontrolatzeko erraztasuna eta, batez be, erliebeak ematen zituzan defentsarako aukerak.

Defentsa-faktorea oso garrantzitsua da. Herrixka gehienak goialdetan dagoz, batez be garaiera ertaineko munoetan, sarritan hegoaldera begira, eta tontorren inguruan labarrak eta ezproi naturalak daukiez, harresiak eregitea errazten dabenak, edo harresi preminarik ez. Kastroaren zati batean etxebizitzak (txabolak) kokatzen ziran, normalean errazago heltzeko moduko aldean eta bertan bizitzeko baldintza hobeakaz.

Balio estrategiko handiko guneak izaten ziran, defendatzeko ez eze, baita inguruko lurraldearen zati handi bat kontrolatzen ebelako be, ibarrak, mendiko igarobideak eta komunikabideak. Gainera, ohikoa da hurreko herrixken artean ikusizko kontaktua egotea, aurki, gizarte-antolaketa beraren parte ziralako, lurralde-eremu handiak kontrolatuko zituzana, kontizu.

Eraikinen diseinua eta eregiteko teknikak errazak ziran: harlangaitzea (manposteria), harri lehorrez (argamasa barik lotuak), batzuetan barrutik tirantez eta kajoiz sendotua, eta, gehienetan, trazadura zuzeneko esparru sinpleak. Harresiak bost metro baino altuagoak izan eitekezan. Harresi-lerroa, normalean, hobi edo lubaki batez osatzen zan, zati zaurgarrienaren kanpoaldean behinik behin. Harresiaren muturretan batzuetan bastioiak egoten ziran, hormaren sendogarri. Sartzeko gunea zehar-okerturiko atea (“esviaje”) izaten zan, eta batez be hesiaren mutur batean edo defenditzea errazago zan lekuetan.

Kokaleku sakabanatu batzuk osatzen eben kastroa, funtzionalitate espezifikoagoak eukezanak, berbarako, txabola moltsoak nekazaritzarako eremu onetan.

- Oppidum-a - ( “oppida” pluralean)
Europa epeleko beste leku batzuetan bezala, Burdin Aroko azken mendeetan habitataren kontzentrazinora eta hazkunde demografikoa jazoten dira. Froga askok erakusten dabe hori, hala zelan suteak, erasoak eta egonlekuen abandonuak: Izan be, krisia eta istilu edo astindu ugari egon ziran V. mendearen amaieran eta kristau aroa hasi baino lehen, Europa osoko lehorte-aldi bategaz batera. Egoereak populazinoa bultzatuko eban, seguru antzean, oppida-etan batzera, hau da, tamaina handiko herri gotortuetan, proto-urietan. Gure inguruan hiru idoro dira: Sámano, Maruelexa (edo Arrola) eta Intxurre Gipuzkoan (Alegia).

- Etxe-ereduak -
Inguru honetan kastroak antzekoak dira, Bizkaian zein Menan zein Kantabrian, eta ez dago alde nabarmenik Arabako lautadako eta mendebaldekoakaz alderatuta, non eta ez dan Kantauri aldekoen hatuak (ajuarrak) pobreagoak dirala. Antza denez, hemengo kastroak etxe-eredu biren topalekua dira, txabola kurbatuen eta laukizuzenen (Ebro bailarako eredua) egiturak agertzen dira-eta, eta horrek tradizino desberdinak batu dirala adierazoten dau.

Oinplano kurboko txabolak argiro ikusten dira Berreagako kastroko erregistro arkeologikoan. Oinplano zuzen edo angeluzuzenaren antzekoa daben txabolak idoro dira Bolunburun eta Maruelexan (Arrola).

BIZIMODUA

Burdinaren guztizko erabilpenak eragin eban nekazaritzearen eta abeltzaintzearen garapen handia. Nekazaritzako burdinazko tresnak, hala zelan igitaiak eta golde-puntak, batez be II Burdin Arokoak dira, eta gurean k.a. V mendetik aurrera agertu izan dira. Harri birakari biko errota zirkularrak be ordukoak dira, eta Bolunburun horrelako ehun bat errota batu dira, kasu zinez ikusgarria. Bitxia da, baina “bolu” “errota” da bizkaiera zaharrean, nahi-ta “Bolunburu” handik hur dagoan burdinola handiaren izena izan.

Garia, garagarra, artatxikia, ilarrak, babak, labore-aleak batu dira, eta horrek erakusten dau labrantza-errotazinoak egiten zirala. Abeltzantzea be sendotu zan. Abere arruntak behia, ardia, ahuntza eta txarria.

Ehizeak indarra galdu eban; batez be basurde eta oreinarenak segitzen dau, oreinaren kasuan haragia kontsumitzeko edo adarrakaz tresnak egiteko. Arrantzearen gaineko datu gitxi badago be, metalezko amuak batu dira.

Tornuz eta eskuz egindako zeramikeak garrantzi handia dauka. Metalak, gitxika-gitxika, erremintak fabrikatzeko lehengai asko ordezkatu eban, berbarako, suharria (silexa), Historiaurre osoan erabilitako baliabide nagusietatik bat, bazterrekoa izan zan Burdin Aroan. Artilea, lihoa erabilten eben ehunak edo landare-zuntzak, saskiak eta sokak egiteko. Ehungailu bertikalak eta kontrapisuak erabilten ziran.

Tokiko merkataritzaz gain, urrutikoa be baegoan, indusketetan batu diran beirazko hainbat apaingarrik erakusten daben lez.

BURDINEA

Euskal Herrian idoro diran lehenengo burdinazko objektuak k.a. VIII eta VII mende erdialdekoak dira (I Burdin Aroa), baina milurtekoaren azken mendeetan (II Burdin Aroa) erabilpena eta fabrikazinoa lurralde osora zabaldu ziran.

Haizeola motako labakaz lortzen eben burdina, baina nahasketa nabar moduko bat ateratzen eben, mineral-zatiz, egur-ikatzez, txatarrez (zepa, eskoria) eta metal-zatiz osatutako masa bat, gero burdinea bereizteko mailukatu beharrekoa. Horren ostean metala sutegian forjetan zan. Basagainen edo Bolunburun txatar ugari idoro dira, adierazoten deuskuenak forjaketa-beharrak in situ egiten zirala. Objektu metalikoen teknikak eta tipologiak, oinarrian, ez dira aldatu bi mila urteetan, gaur eguneko material barrien iraultzea arte hatan be (hain zuzen).

Garai hartako jarduerak baso-soiltze handiak eragin zituezan. Herrixken inguruetan ez zan basorik egongo, bai defentsa-premiagaitik, bai etxeak egiteko behar zan egurragaitik, etxeko suak elikatzeko egurragaitik, labetarako (ogia, zeramikea…) behar zan ikatzagaitik, nekazaritza eta abeltzaintzarako behar ziran zabalgunekaitik. Jakina, burdinearen jarduereak baso-soiltzea areagotu eban, egur-ikatzaren beharra handia izan zalako.

HILETA-KULTUAK

Azken Brontzean eta Burdin Aroan ohiturak eta sinesmenak aldatu ziren, Europako kontinentetik etorritakoen eraginez. Brontze Aro Aurreratura arte indarrean egoan ehorzketa erritua alboratu eta errausketa erritua sartu zan. Hilobi txikiak egiten ziran, nekropolietan batuak, herrixketatik hur, bide baten ondoan. Errautsak zeramikazko ontzi baten sartzen ziran, eta lurrean egindako zulo batean itxi, hilobi-hatuko (ajuar funerario) objektuen alboan. Tumulu txiki batek zarratzen eban hilobia. Hilobia lurrean sartutako hilarriakaz osatzen eben. Hau guztia, berbarako. Berreagan ikusten da.

Era berean, ohikoa da umeen ehorzketak etxebizitzen barruan egitea, hormearen edo etxearen ondoan, orain dala gitxi arte baserrietan egin dan bezala.

KULTUR BEREZITASUNAK

Kastroak zenbait berezitasun kultural erakusten dabe, kontraste handi bat hatan be, ze, batetik, etxeak egiteko teknika eta urigintza arkaizanteak dira, seguru antzean Azken Brontze Arokoak, eta bestetik, hatuak (ajuarrak) aberatsak eta moderno samarrak. Izan be, urigintza- eta eregite-teknika arkaizatzaileagaz batera (Berreaga edo Kosnoaga) Ebro Goieneko eta Akitaniako lurrakaz loturiko gauzak batu dira.

Arean be (izan ere), Berreagan, berbarako, mendebaldeko terrazeak zurezko egiturea dauka, lurrean zuzenean sartutako zutoinakaz, baina hatua zeramika zeltiberiarrez osaturik dago, besteak beste labore-edukiontziak, baita metalezko moltso batez be, hala zelan burdinazko lantza-punta bat, kirtenari lotzeko tutu-formako lotura (krokadurea) daukana, brontzezko fibula (lotzeko orratza) simetriko bat, fibulearen beste elementu batzuk eta paparrekoak, besteak beste.

Hatuak erakusten dabe hartu-emonak eukezala Arabako eta Nafarroako jenteagaz, zeltiberiar kultura materiala eukenak, nahi-ta horrek ez daukan zertan adierazo zeltiberiar nortasuna konpartitzen ebenik. Halan, gela-egituren formen arkaismoagatik pentsa leiteke Ebro Goieneko zeltiberiar kultureak gehienbat hatuai eragin eutsela, batez be zeramikeari, armamentuari eta ospe handiko gauzai, baina ez eban aldatu eragin gela-egituren forma, eta horrek bere aldetik erakusten dau, kontizu, bizimodu tradizionalak irauten ebala.

Osterantzean, deskribatu dan lez, Bizkaia eta Gipuzkoako eremuan orduko hilarriak zenbait joera komun partekatzen dabe, ez diranak ondoko lurraldeetan bardin emoten.

ERROMANIZAZINOA ETA BURDIN AROAREN AMAIERA

Gure lurraldean erromatarren munduagazko lehenengo hartu-emonak k.a. II eta I mendeetan zehar izan ziran. Kastro gehienak abandonatu ziran k.a. I mendeko azken hamarkaden inguruan eta k.o. I mendearen hasieran. Jentea erromatar erako bizilekuetara aldatu zan, eta kostaldean edo mendi-hegalen erdialdean kokatu, nekazaritza eta abeltzaintzarako baldintza hobeak egoazan tokietan.

Halanda be, zenbait kastrok iraun eben, batez ere tamaina handienekoak eta komunikazio-bide nagusietatik hurren egoazanak. Horrela, Berreaga, Bolunburu eta Pico Moro erromatar Goi Inperioaren garaian sartzen dira, eta halan segitu eben gitxienez k.o. I mendearen amaierara arte. Baina iraupen honegaz batera aldaketa sakona jazo zan urigintzan eta gizartearen antolaketan, Erromak ezarritako sistema politiko-ekonomiko eta sozio-kulturalean integratu ziran eta.

Bateratze edo fusino hori nekropolietan ikusten da ondoen, eta ejenplu ona dira Berreagan, Jainkon, Emerandon, Mesterikan eta Elorriagan batu diran hilarriak. Garai haretakoak dira Bizkaiko lurraldeko ohiko hilarri handiak, kurutzeak eta esbastikak daukiezanak, konposizio-eskemetan eta lantzeko tekniketan erromatarren munduagaz guztiz lotuak. Berreaga da, zalantza barik, paradigmarik argigarriena, eboluzinoa erakusten dau-eta: batetik, jatorrizko ohol-hilarriak, sare-itxurako (erretikula) motiboak eta motibo geometriko sinpleak daukiezanak, ebakidurez eginak, bestetik, konposizio geometrikoetan jada erromatar plastikearen berezko simetria eta axialtasuna erakusten dabenak, prisma itxurako hilarriak, zeinetan ikonografia landuago eta estilizatua dagoan.

KASTROEN IZENAK

Toponimoetan “muru” eta “moru” berbak funtsezkoak izan dira kastroak bilatzeko. “Debaren arroan “Murugain” eta “Moru” dagoz, eta Urola-Goierrin dudazko bat, “Murumendi”, eta asko dira horreen antzekoak. “gaztelu” toponimoak, ostera, Iparraldeko herrixka askoren izenean egon arren, ez dau orain arte lagundu. Espekulatuz, esango dot bitxia erixten jatala kasu bitan gainera kastroa dagoan munoaren izena “La Cerca” izatea, La Cerca de Bolunburu eta Pico Mororen kasuan, hori be “La Cerca” da eta.

ITURRI OROKORRAK

“Los inicios de la metalurgia del hierro en Euskal Herria: la Edad del Hierro”. Sonia San Jose. Historiaurreko Arkeologia Saila. Aranzadi Zientzi Elkartea

“Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo”. Juan José Cepeda Ocampo; Miguel Unzueta Portilla. Kobie, anejo 20. 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018), Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao 2020.

“Bizkaia prerromana: últimas investigaciones e interpretación arqueológica”. Miguel Unzueta Portilla. Kobie- Paleoantropología. Diputación Foral de Bizkaia. Bilbao, 1990/1991.

“Cartografía de los yacimientos Pre y Protohistóricos del País Vasco”. M.J. Zulueta,
F.J. Zumalabe. Munibe 42, 305-318 orr., Donostia 1990

Arkeoikuska. Eusko Jaurlaritza. 2004.

“Caminería romana en el valle de Mena (Burgos) La vía de Flavióbriga a Uxama Barca”. Judith Trueba Longo, L. M. Angulo Martínez. Jornadas sobre las calzadas romanas en la Antigüedad. 2013- VIII-19/21. Auritz-Burguete.

(Navarra) “Carta arqueológica de la provincia de Burgos. Partidos judiciales de Sedano y Villarcayo”. Ramón Bohigas Roldán Zuhaitz, Jacinto Campillo Cueva, José Ángel Churruca Gutiérrez. Kobie 14, , 7-91 orr. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbao. 1984

Lengua e historia del Asón al Cadagua (épocas prerromana y romana): Memoria presentada para optar al grado de doctor por Fernando Fernández Palacios. Universidad Complutense, Facultad de Geografía e Historia. Madrid, 2002


KASTRORIK KASTRO

6.- CERCO DE BOLUNBURU

Bolunburuko kastroa txiki da, 5.000 m2-ko perimetrokoa, eta Kadagua ibaiaren gainean dago. Beharbada beste kastro askoz handiago baten satelitea izango zan. Zeramikeak eta apaingarrizko materialak adierazoten dabe gotorlekua k.a. IV eta k.o. I mendearen erdi aldekoa dala.

Harresia ia 5 metroko altuerea eta 3 metroko zabalerea eukiko eban. Harresiari gehitu behar jako kanpoko hobi edo lubaki bat, metro 1 sakon eta 2 metro zabalagoa, seguru antzean egurrezko taket zorrotzak eukiko zituzana.

Etxolak oinplano angeluzuzenekoak dira, Berreagako kastroarenak ez bezalakoak (zirkularrak, Kantauri tradizinokoak), baina holakoak dira Maruelexakoak.

Bolunburun txatar ugari idoro dira, adierazoten deuskuenak forjaketa-beharrak in situ egiten zirala.

Harri birakari biko errota zirkularrak batu dira, ehun inguru, harrigarria. Horrek erakusten dau holakoak egin eta trukean erabilten zirala.

Iturriak:
“Los inicios de la metalurgia del hierro en Euskal Herria: la Edad del Hierro”. Sonia San Jose. Historiaurreko Arkeologia Saila. Aranzadi Zientzi Elkartea

“Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo”. Juan José Cepeda Ocampo; Miguel Unzueta Portilla. Kobie, anejo 20. 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018), Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao 2020.

Castro CERCO de BOLUNBURU (Zalla. Bizkaia)
https://arkeohistoriatriskel.wordpress.com/2020/02/07/castro-cerco-de-bolunburu-zalla-bizkaia/

Nire ibilbidea: IBILBIDE HISTORIKOAK. Bolunburu eta La Mella (La Herrera-Ibarra) Bizkaiko historiaren mendebaldeko muna

9.- SÁMANOKO OPPIDUMA

Castro Urdiales ondoko oppidum hau endemas (batez be) interesagarria da arrazoi batzuakaitik. Seguruenik, antxinako testu batean “Oppidum (S)Amanorum” izenagaz izentau ebena da. Pliniok bere Naturalis Historian (IV,1,10) aitazen dau inguru honetan “(S)amani” herria egoala (s/amanoarrak), eta bertan erromatarren aurreko portu bat egoala, Portus Amanum, gero Flaviobriga portu garrantzitsua, gaurko Castro Urdiales, izango zana. Halan, leitekena Sámano herriaren izena Burdin Aroko jente harena izatea.

Pliniok dino “barduliarrak” zirala. Kontuan hartu antxinan arrunta zala gaurko Bizkaia, Gipuzkoa, Burgosko iparraldea…, “Vardulia” izenagaz izentatzea. Halanda be, Ptolomeo erromatar geografoen arabera, “amani” autrigoiak ziran.

Bitxia da Pliniok “amanum” esatea, eta ez “amanorum”, latin klasikoan behar zan legez, beharbada zeltar (zeltiberiar) hizkuntzen deklinabideak kutsatuta. Zein ete zan harako “varduli” edo autrigoien berbetea?

Oppidum honek 10 ha dauka. Uste da bertan 800 urtetan bizi izan zirala, Brontze Aroaren amaieratik eta Burdin Aro osoan zehar.

Oppidum honetan alkarregaz ikusten dira txabolak egiteko tradizino biak, oinplano kurbokoak, Kantauriko tradizinoan, eta angeluzuzenekoak, hegoaldeko tradizinokoak.

Iturriak:
“Peña de Sámano”, Regio Cantabrorum, tierra de leyenda. http://www.regiocantabrorum.es/publicaciones/castro_penia_de_samano

Lengua e historia del Asón al Cadagua (épocas prerromana y romana): Memoria presentada para optar al grado de doctor por Fernando Fernández Palacios. Universidad Complutense, Facultad de Geografía e Historia. Madrid, 2002

https://castrourdialesverde.wordpress.com/2014/05/10/80-personas-visitaron-el-castro-prerromano-de-samano-con-castroverde/

“Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo”. Juan José Cepeda Ocampo; Miguel Unzueta Portilla. Kobie, anejo 20. 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018), Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao 2020.


Nire ibilbidea: IBILBIDE HISTORIKOAK. Samanoko kastroa-Castrum (S)amani. Castro Urdialesen jatorriaren bila.
https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/ibilbide-historikoak-samanoko-kastroa-castrum-samani-castro-urdialesen-jatorriaren-bila-75475626


11.- BERREAGA

Berreaga k.a. III eta k.o. I mendeen artean izan zan bizilekua; okupazio luzeko kastroa da, Goi Inperioaren garaian iraun eban eta.

Baina, jakina, aldi horretan Erromak ezarritako sistema politiko-ekonomiko eta sozio-kulturalean integratu zan lez, aldaketa sakona euki eban, hasieratik kultur fusinoan igarten dana. Bateratze edo fusino hori nekropolian ondo ikusten da.

Berreagak erakusten dau zelan hilarriak igaroten diran ohol-hilarriak izatetik, sare-itxurako (erretikula) motiboak eta motibo geometriko sinpleak daukiezanak, ebakidurez eginak, erromatar eragin argia eukitzera: konposizio geometrikoetan, erromatar plastikearen berezko simetria eta axialtasuna, prisma itxurako hilarriak, ikonografia landuago eta estilizatua.

Zoritxarrez, kastroa eta batez be nekropolia behin baino gehiagotan suntsitu dabe basoko beharretan, Pico Moron bezala. Horretan be oso españolak gara.

Kastroa defentsa-esparru bik osatzen dabe. Txabolen oinplanoa zirkularra edo obalatua da, Kantauriko tradizinokoa. Osterantzean, Berreagan bertoko kastroen berezitasun bat argiro erakusten dau, kultura desbardin biren topaketea. Batetik, etxeak egiteko teknikea eta urigintza arkaizanteak dira, bestetik, hatuak (ajuarrak) aberatsak eta moderno samarrak. Izan be, urigintza- eta eregite-teknika arkaizatzaileagaz batera Ebro Goieneko eta Akitaniako lurrakaz loturiko gauzak batu dira. Zeramika zeltiberiarra dago, besteak beste, labore-edukiontziak, baita metalezko moltso bat be.

Berreagako oppidumean guda-ekipamenduaren zati bat berreskuratu da: lantza baten puntea eta regaton-a, hau da, oldartzeko, ehizatzeko, erasotzailearengandik defendatzeko edo arerioari erasotzeko balio ebana, baita labaina edo ezpata labur bat be.

Berreagan, Bolunburun bezala, etxebizitzen inguruan suak egiteko egiturak idoro dira, barruan txatarrak (zepak, eskoariak) daukiezanak. Horrek frogatzen dau jarduera metalurgikoa bertan egiten zala.

Iturriak:
“Bizkaia prerromana: últimas investigaciones e interpretación arqueológica”. Miguel Unzueta Portilla. Kobie- Paleoantropología. Diputación Foral de Bizkaia. Bilbao, 1990/1991.

“Los inicios de la metalurgia del hierro en Euskal Herria: la Edad del Hierro”. Sonia San Jose. Historiaurreko Arkeologia Saila. Aranzadi Zientzi Elkartea

“Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo”. Juan José Cepeda Ocampo; Miguel Unzueta Portilla. Kobie, anejo 20. 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018), Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao 2020.

Arkeoikuska. Eusko Jaurlaritza. 2004.

Nire ibilbide bat:
IBILBIDE HISTORIKOAK. Berreaga, arbaso galduen bila.
https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/ibilbide-historikoak-berreaga-arbaso-galduen-bila-111882086


13.- MARUELEXAKO OPPIDUMA (MARUELEZA, ARROLA)

Arrolako kastroa edo Maruelexako oppidumak (k.a. III – k.o. I) barruan 80.000 m2 inguruko azalerea dauka, harresi handi batez inguratuta. Kanpoaldea beste 50.000 m2 dagoz, baso-lanak suntsituak (horretan be españolak gara). Hori horrela, nekropolia ez da idoro. Oppidumak 400 biztanle inguru eukiko zituzan.

Harresiak 5 eta 6 metro arteko altuerea dauka, oinarrian 7 eta 8 metro arteko zabalerea eta goialdean 3 eta 3,5 metro artekoa. Harresiaren barruan, akropolian, egurrezko eta buztinezko txabolak dagoz, lastozko teilatua eukenak. Laukizuzen formako 20 m2 inguruko eraikinak ziren.

Akropolian herrixkara sartzeko gunea zehar-okerturiko atea (“esviaje”) zan, Burdin Aroko kastroetan arrunta zan lez. Bertan harresi-hormak 10 metro inguruko karrajua osatzen dabe. Uste danez, herrixkak hiru ate eukiko zituzan zituen, baina bi baino ez dira idoro.

Eretxia da bizilagunak oppidumetik burrukatu barik joan zirala erromatarrak hara heldu ziranean, ez dagoalako suntsipen militarraren azterrenik. Arean be, handik 800 metrotara inguru, altuagoa dan mendi batean, Illuntzar mendian, erromatar burruka-kanpamendu handi bat egon zan, oppiduma mehatxatuko ebana, eta aurki, Arrolako biztanleak, bildurrez, behartuta egongo ziran herria ixtera eta harresi indartsuak desegitera.

Iturriak:
Castro de ARROLA. (Nabarniz. Bizkaia)
https://arkeohistoriatriskel.wordpress.com/2019/02/06/castro-de-arrola-nabarniz-bizkaia/

Campamento romano de ILLUNTZAR. (Nabarniz. Bizkaia)
https://arkeohistoriatriskel.wordpress.com/2019/02/06/campamento-roman

Waypoints

PictographSummit Altitude 1,883 ft
Photo of01 Babio Photo of01 Babio Photo of01 Babio

01 Babio

Brontze Aroko herrixka gotortua (k.a. 1.200 - 500), I Burdin Arora heltzen dana, Aiaran. Hurrean, Peragañako kastroa dago, anai-arrebak dira. Zeramika apaindu eta apaindu bakoaren hondarrak batu dira, brontzezko elementu txikiak, bai eta animalien hezur ugari be, hala zelan txarri, ahuntza eta ardienak, eta zaldien hondar apurrak be bai. Gazta-ohol bat be batu da, pieza garrantzitsu bat. Haziak be idoro dira. Ardatz edo txaratila formako hilarri bat agertu da, ebakidura txiki oso abstraktuak daukazana. Iturriak: “Dos poblados de la Edad del Hierro: Perigana y Babio en la tierra de Ayala (Álava) y otros hallazgos”. Félix Murga. Kobie. Diputación Foral de Vizcaya, Boletín nº 12, 1982. “El poblado de la Edad del Hierro de Babio ya tiene mapa de estructuras”. Noticias de Álava. https://www.noticiasdealava.eus/alava/2022/09/06/poblado-edad-hierro-babio-mapa-5980012.html “Sierra Sálvada, Gorobel Mendilerroa, El castro celta de Babio”, Juan Manuel Pérez de Ana, 2012 http://sierrasalvada.blogspot.com/2012/05/babio-su-castro-celta.html (Argazki batzuk hemendik).

PictographSummit Altitude 2,026 ft
Photo of02 Peregaña Photo of02 Peregaña Photo of02 Peregaña

02 Peregaña

Hau be Aiaran, Babio ondoan. 20 ha. Terrazak eta harresien hondarrak ikusten dira. Zeramika ugari batu da, ontzi-ertzak, hazurrez edo atxamarrez egindako apainduakaz, hareharrizko eskuzko errota-zatiak. Ez dot informazino gehiago idoro, baina Babio eta Peregañako kastroak anai-arrebak dirudie.

PictographWaypoint Altitude 2,807 ft

03 Huerto de El Moro

Campillo de Menan ei dago. Ezin izan dot kokapen zehatza idoro, bakarrik “sobre el nacimiento del río Ordunte, en las faldas del Zalama, muy cerca del límite con San Pelayo”. Antza, 2 ha ingurukoa da.

PictographWaypoint Altitude 1,647 ft
Photo of04 San Miguel

04 San Miguel

Hornes de Menan, San Miguel mendian, 4 ha ingurukoa. Ordunteren arroa kontrolatzen dau, Carelgo igarobidea, Hornes eta Ribota artean, Ordunte eta Kadaguaren arroak batzen diran tokia. Itxura dan lez, hondino harresiaren hondarrak igarten dira. Iturria: “Caminería romana en el valle de Mena (Burgos) La vía de Flavióbriga a Uxama Barca”.

PictographSummit Altitude 1,585 ft
Photo of05 Socueto Photo of05 Socueto Photo of05 Socueto

05 Socueto

Autrigoi leinuko jentea bertan bizi izan zan k.a. IV- I mendeetan, eta Kadagua eta Aiarako igarobidea kontrolatzen zituan. 10 hektarea (ha) inguru dauka. Barruko harresia oso aldatuta dago nekazaritzako jarduegaitik; kanpoaldeko harresiak 1,30 m-ko altuerako harri-metaketea dauka, eta tarte batzuetan egoera nahiko onean dago. Esparruko alderik altuenean eta hiru terrazen behealdean dagozan harri moltso batzuk etxebizitzen hondarrak izan leitekez.

Photo of06 Cerco de Bolunburu Photo of06 Cerco de Bolunburu Photo of06 Cerco de Bolunburu

06 Cerco de Bolunburu

PictographSummit Altitude 1,765 ft
Photo of07 Luxar Photo of07 Luxar Photo of07 Luxar

07 Luxar

Güeñes gaineko mendian, 1997an, kastroaren defentsak ikusi ziran, esparru bi, eta horreetatik kanpokoena aldatuta egoan, 1936ko gerra zibileko lubakiakaitik. Hektarea erdikoa da, halan txiki samarra. Eskuko erromatar errota zati bat batu eben. Iturria: Lengua e historia del Asón al Cadagua (épocas prerromana y romana): Memoria presentada para optar al grado de doctor por Fernando Fernández Palacios. Universidad Complutense, Facultad de Geografía e Historia. Madrid, 2002

PictographWaypoint Altitude 1,230 ft
Photo of08 Pico Moro Photo of08 Pico Moro Photo of08 Pico Moro

08 Pico Moro

Iraupen luzekoa, Goi Inperioan be baegoan eta. Antza dan lez, harresi bik banaturiko esparru bi dagoz. Harresiak 3 metro zabal baino gehiago eukiko eben. Neure ibilbidea: IBILBIDE HISTORIKOAK. Pico Moroko kastroa, Galdames, gure triskantza maiteak. https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/ibilbide-historikoak-pico-moroko-kastroa-galdames-gure-triskantza-maiteak-75464341

PictographWaypoint Altitude 727 ft
Photo of09 Sámanoko oppiduma Photo of09 Sámanoko oppiduma Photo of09 Sámanoko oppiduma

09 Sámanoko oppiduma

PictographSummit Altitude 1,159 ft
Photo of10 Malmasin Photo of10 Malmasin Photo of10 Malmasin

10 Malmasin

Malmasingo kastroa garai historikoan be izan zan erabilia. Ez dakigu kastroko biztanleen leinua zein zan (karistioak, autrigoiak, barduloak…), iturri zaharrak (Ptolomeo, Plinio, Estrabon) zehaztasun bakoak eta kontraesankorrak dira-eta, seguruenik informazino desbardina euki ebelako; gainera, erromatarren sailkapen-erispidea ez da ezaguna, eta helburu administratiboa eukala, beharbada ez jakon guztiz egokitzen orduko banaketa etnikoari. Finagako San Martin baseleizan egongo zan bere errausketa-nekropolia, Finagan orduko hilarriak idoro dira-eta, garai modernoko eleizea eregiteko erabiliak, bat altarearen mahaia egiteko, erromatar garaiko latindar idazkun bat daukana. Emoten dau abeltzaintzea izan eitekela euran jarduera nagusia. Osterantzean, aurrez aurre, Zaratamon, idoro dan hilarria bertan beste kastro bat egon zalako zantzua. Azkenik, seguruenik, Malmasinen egon zan Nafarroako Erresumaren gazteluetatik bat, XII.mendekoa, kroniken arabera Gaztelak 1175 aldean hartu ebana, “Castillo de Malvecín”, baina ez dago guztiz frogatuta. Iturriak: Lengua e historia del Asón al Cadagua (épocas prerromana y romana): Memoria presentada para optar al grado de doctor por Fernando Fernández Palacios. Universidad Complutense, Facultad de Geografía e Historia. Madrid, 2002 Nire ibilbide bat: IBILBIDE HISTORIKOAK. Malmasin eta Finaga, arbaso galduen bila. https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/ibilbide-historikoak-malmasin-eta-finaga-arbaso-galduen-bila-111069349

PictographWaypoint Altitude 1,141 ft
Photo of11 Berreaga Photo of11 Berreaga Photo of11 Berreaga

11 Berreaga

PictographSummit Altitude 895 ft
Photo of12 Kosnoaga Photo of12 Kosnoaga Photo of12 Kosnoaga

12 Kosnoaga

Bizkaian, Kosnoagako kastroa da (k.a. VI) ezagutzen dan zaharrena, k.o. I mendea arte iraun eban. Berreagak bezala, urigintza- eta eregite-teknika arkaizatzailea dauka. Harresia eta lubakia tartekatzen dituz. Zeltiberiar erako zeramika ugari batu da, bai eta metalezko apaingarri eta armak be. Foruako egonleku erromatarretik hur dagoala, kilometro bat inguru, toki hau gunerik interesgarrienetariko bat da beragaz eukan loturea aztertzeko. Iturriak: “Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo”. Juan José Cepeda Ocampo; Miguel Unzueta Portilla. Kobie, anejo 20. 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018), Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao 2020. “Bizkaia prerromana: Últimas investigaciones e interpretacion arqueológica”. Miguel Unzueta Portilla. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbao. 1990/1991 Lengua e historia del Asón al Cadagua (épocas prerromana y romana): Memoria presentada para optar al grado de doctor por Fernando Fernández Palacios. Universidad Complutense, Facultad de Geografía e Historia. Madrid, 2002 “Los inicios de la metalurgia del hierro en Euskal Herria: la Edad del Hierro”. Sonia San Jose. Historiaurreko Arkeologia Saila. Aranzadi Zientzi Elkartea

PictographSummit Altitude 1,733 ft
Photo of13 Maruelezako oppiduma Photo of13 Maruelezako oppiduma Photo of13 Maruelezako oppiduma

13 Maruelezako oppiduma

PictographWaypoint Altitude 1,112 ft
Photo of14 Gastiburuko santutegia Photo of14 Gastiburuko santutegia Photo of14 Gastiburuko santutegia

14 Gastiburuko santutegia

Gastiburuko santutegia ferra-formako bost lobuluk osatzen dabe; harmailak daukaz eta erdian plaza harriztatu bat. Esparrurik kanpo tumulu txikiak dagoz. Guztiz lotuta dago Arrolako oppidumagaz, eta, aurki, bere zeremonia-gunea izango zan, erlijioa, politikoa. Hori pentsatzeko arrazoietatik bat bere harmailen sistemea da, non marrazki geometrikoak eta lerrodunak daukiezan estelak egoazan. Iturriak: Santuario de GASTIBURU (Arrazua. Bizkaia). https://arkeohistoriatriskel.wordpress.com/2019/02/07/santuario-de-gastuburu-arrazua-bizkaia/

PictographSummit Altitude 1,482 ft
Photo of15 Moru Photo of15 Moru

15 Moru

Leku oso estrategiko batean dago, gaur egun be komunikazio-moropilo garrantzitsua dan tokian. Hormen artean lautada moduko bat dago, mendi gainean. Lautadea oso babesturik daukie mendiaren defentsa naturalak, ia ezinezkoa dalako Deba ibaira jausten diren hegaletan gora heltzea. Eskuz egindako zeramika zati ugari agertu dira, baita tornuz egindako zeramika laranja baten zatiak be, eta zeramika hori ez da bapere arrunta. Iturriak: “Tres nuevos poblados de la Edad del Hierro en la Protohistoria de Gipuzkoa”. Carlos Olaetxea. Munibe, 43, 175-180 orr., Donostia, 1991 “Estudio preliminar del poblado protohistórico de moru (Elgoibar)”. Ander Arrese Vitoria, Xabier Padin Pagoaga. Kobie, 37 zb., 91-100 orr. Bizkaiko Foru Aldundia-Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao - 2019-2020 https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/KOBIE_Paleoantropologia_37_web-7.pdf?hash=20258db55fd29ed5896c87d90de90d88

PictographSummit Altitude 2,539 ft
Photo of16 Murugain Photo of16 Murugain

16 Murugain

Harresi baten hondarrak ia tontor osoa inguratzen dabe, ipar-ekialdea izan ezik. Harresiak 1,25 metroko zabalerea dauka. Kata batean eskuz egindako 20 zeramika zati eta apaindutako brontze zati bat batu ziran. Leku hau bere izanagaitik (muru-gain) eta aireko argazkakaitik aukeratu eben indusketak egiteko. Iturriak: “Tres nuevos poblados de la Edad del Hierro en la Protohistoria de Gipuzkoa”. Carlos Olaetxea. Munibe, 43, 175-180 orr., Donostia, 1991

PictographSummit Altitude 1,443 ft
Photo of17 Illunbe

17 Illunbe

Kastrorik ete dago? Ez dot informazinorik idoro.

PictographWaypoint Altitude 1,443 ft
Photo of18 Tromoitio Photo of18 Tromoitio

18 Tromoitio

Trumoitioko txuntxurrean esparru gotortu baten hondakinak dagoz, harriz betetako horma-atal bikotxa, ezelako mortero bakoa, 2 m-ko altuera eta 2,30 m-ko zabalerea daukana, lubakia. Esparrura sartzeko atea mendebaldean, labarra txikiagoa dan tokian. “El recinto fortificado de Tromoitio (Garai): una aportacion a la carta arqueologica de Bizkaia”. M.J. Aróstegui lrastorza, l. García Camino. Kobie 17, Bizkaiko Foru Aldundia, , Bilbo, 1988 https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/kobie_17volumen%20completo.pdf?hash=beb451749a6dca71d8cce78941c99e2d

Comments

    You can or this trail