IRIMOEGIGOIENATIK: BAZTERRIÑAK, ONDAMENDI (UROLA), PIKUNIETA.
near Ibarra, País Vasco (España)
Viewed 46 times, downloaded 0 times
Trail photos
Itinerary description
Waypoints
IRIMOEGIGOIENA AUZOA
Ibarre auzoan kokatuta dagoen seinaletik hasita, Trekutzera joango gara, Irimoegigoiena auzoa ezagutu nahian. Errepidea jarraituko dugu bost kilometrotan Trekutzeraino, inguruko baserriak ezagutuz. Hasteko Ibarra, Iralatorre, Irala, Arlutzak eta Igeribar baserriak pasatuko ditugu, Sarasketaraino.
SARASKETA BASERRIA
XV. mendekoa da bere lehen aipamena (1499). Baserri honen berezitasuna etxe ostean dagoen arkodun ateondoa da, XV. mendekoa jo daitekeena.
GOIKOETXE/SARASKETABERRI
Dagoeneko lur jota, bertan txabola bat ikus daiteke. 1876an dugu baserri honen lehen aipamena.
UNAMENDI
Herriko lur sailetik, behatoki ederra dago Aizgorri, Aralar, Irimo ... ikusteko.
MEAKA-GAZTELUGAIN-TREKUTZ
Bidegurutzea da. Zuzen hartu behar da, Trekutzera eta Gorlara doan bidea alde batera lagata. Helburua, Aizpurutxo aldera joatea da. Beraz, goitik behera hasiko dugu ibilbidea, Baztarriña baserrietara.
ARRIBIRIBIL
Bazterriña aldera joateko bat egingo dugu zelai edo inguru polit honekin. Hemendik behera joko dugu, pista jarraituz, Bazterriña baserrietara.
BAZTARRIÑAGOENEKOA
Aspalditik hutsik dagoen baserria da. Bertan iturria ere badago. XVI. mendeko erdi aldean azaltzen da lehen aipamena. Goikoan, itzelezko sutea egon zen 1779ko azaroaren 29an, eta bi hildako. Erdiko baserri lur jota dago, desagertuta.
BAZTERRIÑABARRENEKOA
1720rako aipatzen da. Hutsik dagoen baserria da. Hala ere, behatoki polita dauka etxe ostean. Udalerriko Pikunieta, Itxumendi, Irimo, Urola ... inguruak ikusteko eremu paregabekoa. Ondoren, pista jarraituko dugu behera.
HERRIKO BASOAK
Pista jarraituz, udalerriko baso itxienak ezagutzeko aukera izango dugu, garai batekoak (gaztainondoak) zein oraingoak (eukaliptua).
BIDEGURUTZEA
Puntu honetan erne ibiliko gara. Izan ere galtzear dagoen bidetzurra hasten da bertan. Garrantzitsua da ondo hartzea Ondamendira doan bidearekin bat egiten duelako. Beraz, ekarri dugun pista alde batera laga eta, hasieran zertxobait sasi artean bada ere, gero bidetzur nahiko egokian, jarraitu behar dugu Ondamendi aldera. Bat egingo dugu Aizpurutxo aldetik baserrira doan bidearekin.
ZUBITXO-ONDAMENDI ERREKA
Hementxe bat egiten dugu adierazitako porlanezk bidearekin. Jarraitu bera Ondamendi baserriraino.
ONDAMENDI (UROLA)
Garai batean Urola bezala ere ezagutua, izan ere Urola ibaia eta Aizpurutxo gertu daude, baserriaren lehen aipamena 1659koa da. Herriko baserria izan zen hasiera batean; alegia, herriko udalak eraikitakoa. Bertatik hasten den pista jarraituko dugu, ezkerretara dagoen txabola batetik pasatuz.
ETXEBERRITXARA (12. MUGARRIA)
Ondamendi baserria lagata, Pikunieta baserrira doan bidea hartuko dugu, eta bide batez inguruak behatu. Esate baterako, Kortaberrierrekak Urola ibaiarekin bat egiten duen Etxeberritxara ingurua. Bertan dago, Antzuolako 12. mugarria, Azkoitia eta Bergarako udalerriekin batera partekatzen duena. Inguruan Azkoitiako baserria den Artetxeberri ikus daiteke.
PIKUNIETA BIDEA
Pista lagata, Aizpurutxu aldetik datorren eta Pikunieta baserrira doan porlanezko bidea hartuko dugu gora.
PIKUNIETA
Zeharo eraberrituta, 1960. hamarkadaren bukaeran erre egin zen. Bertan taberna egon zen eta oso ospetsua zen San Esteban eguneko bertako erromeria. Gaur egun, nekazarizta ekologikoan, eta gaztagintzan, ospetsua dena.
KORROZTARRATZU-ELOSUKO BIDEA
Elosuko auzunea, Kortaberri baserriak, udalerriko azken lur sailak... ikus daitezke. Bidegurutze honetan ere aukera dago Elosu aldera joateko. Hala ere, gu geu gora joko dugu, Korroztarratzu aldera.
KORROZTARRATZU
Atseden lekua. Hemendik herrigunera jaisteko aukera bat baino gehiago daude (Trekutz, Uzarraga, Ogeiturri), baina gure aukera Lizarraga auzora jaistea da, San Martzial ermita aldera.
ARANGUREN
Aranguren baserrira ailegatzen garenean, San Martzialeko bidea laga eta Lamariano baserrietara doan pista hartuko dugu goitik.
LAMARIANO: ITURRI ETA BASERRIAK
Herriko iturririk onena ei da Lamarianogañekoa. Beraz, aprobetxatu aukera. Ondoren asfaltatutako bidearekin bat egingo dugu Laskurainandi baserriraino. XVI. eta XVII. mendekoak, azpiko baserriak barruan duen teilatu egitura oso bitxia da. Gainekoan, berriz, Uzarragara eramango gaituen antzinako elizbidea ere ikus daiteke.
LIZARRITURRI
XV. mendekotzat jo daiteke. Ingurua ikusi eta gero, baserri honen izena nondik nora datorren konturatuko gara. Garai bateko armarriaren kopia egun Donostian dago, Lizarriturri izeneko etxean, Frantzia hiribidean.
ZUMAETAK
Baserriari buruz dugun lehendabiziko aipamena antzinakoa da, 1391ekoa. Zumaetazpiko honek ere badu inskripzio berezi bat ate aurrean, bere zaharberritze batekin zer ikusia zuena: "Esta casa solar de Zumaeta se reedificó el año de 1817". Hemendik, ezkerretara joko dugu, Laskurainandira, gero trenbidera jaisteko.
LASKURANDI
XIV eta XV. mendeetatik datozkigu lehendabiziko aipamenak, eta oraingo baserriak XVI. mendean hartzen du bere egitura. Garai batean armarriduna, gaur desagertuta dago.
ARRITEGI TUNELA
Trenbidetik Kaxetara joango gara, hemendik, Aitzaga baserritik eta Mendigorritik, Ondarra auzoraino
You can add a comment or review this trail
Comments