Leioako leku esanguratsu eta historikoak ikusten
near Astrabudua, País Vasco (España)
Viewed 66 times, downloaded 2 times
Trail photos
Itinerary description
Waypoints
San Maximo parrokia
1907an eraiki zen Lamiakion, fabrikak zonaldera iristeak biztanlerian eragin zuen zabalkundea aprobetxatuz. Nabe nagusia, bost altuerako kanpai-dorrea eta estilo askotako elementuak ditu barruan. Oso ezaguna da herrian, Athletic eta Erresuma batuko langileen lehen partidak jokatu ziren tokiaren ondoan baitago.
Artatza jauregia
Artaza jauregia Chaverri familiaren egoitza zen (fabrika handi baten jabe ziren), ofizialki 1918an inauguratu zena, urte horretan Alfontso XIII.ak bisitatu zuelarik. Jauregia denetarik dauka: hainbat gela, kapera, dantzalekua, tenis-pista, lorategiak... Historian zehar erabilera asko izan ditu, baina 1989an Eusko Jaurlaritzak erosi zuen. Leioako eraikin garrantzitsuenetako bat da, auzotar guztiek bisitatzen dutena. Lorategiak irekita daude edonork bisita dezan eta joan den mendeko burgesen bizitza birsortzeko antzezlanak dituzte hilero. Leku zoragarria da egitura arkitektonikoak gozatzeko eta ingurunetik paseo bat emateko.
San Bartolome ermita
Ermita hau San Bartolome auzoaren erdialdean kokatuta dago, eta 15. mendearen hasieran eraiki zen, arkuaren datazioari esker. Elementu nagusiak jatorrizkoak dira oraindik, baina aldaketa handiak jasan ditu mantentze lanak direla eta. Giza hondakinak eta txanpon batzuk aurkitu ziren aldaketetako batean, baina, ikerketaren ondoren, toki horretan lurperatuak izan zirela esan zuten. Dagoeneko mezarik ematen ez diren arren, leku horretatik jende asko igarotzen da eta herritarrek asko ezagutzen dute, San Bartolome jaiak ospatzen baitira: jotak, erromeria, harri-jasotzaileak...
Mendibile jauregia
Mendibile Jauregiak, Leioako Ondare Historikoa osatzen duten eraikinetako batek, misterioz beteriko historia du. Bere jatorria zalantzazkoa da, ez baitago eraiki zen garaiko data zehatzik, ezta bere lehen jabeak nor izan ziren ere. Bere itxura dotoreak "jauregi" izendapena eman dio baserri honi, nahiz eta tamaina handiko baserria izan. Bere ezaugarri arkitektonikoek (oinplano karratua, arku karpanel bikoitzeko arkupea eta leiho dinteldu erregularizatuak) XVII. mendearen amaieran kokatzen dute bere eraikuntza. 2007an zaharberritu zuten, eta orain oso ezaguna da, jatetxe bat baitu barruan eta berdegunez inguratuta baitago.
Elexaldeko errota
XVIII. mendearen amaieran eraikitako errota bat izan zen, Elexaldeko errekaren potentzia aprobetxatzea helburu zuena, zereal barietate ezberdinak eho ahal izateko. 1969ra arte etengabe aritu zen lanean, urte horretan hasi baitzen errekako ura aprobetxatzen etxebizitza batzuk hornitzeko. Eraikinak hiru solairu zituen, eta bertan errota eta jabeen etxebizitza zeuden. Eraikina duela gutxi zaharberritu zuen Leioako Udalak, baina ez dira jatorrizko errotaren elementuak kontserbatzen.
Leioako Udala
Udalerriko eraikin garrantzitsuenetako bat eta hiriko erdigune neuralgikoa. 1891n eraiki zen, lurraldearen hedapen azkarraren ondoren. Arku handiak ditu, non eskupilota lehiaketak egiteko frontoi txiki bat dagoen. Udalerriko eraikin ezagun eta maitatuenetako bat da, dantza tradizionalak eta aisialdiko ekitaldiak bere inguruan egiten direlako.
Leioako monolitoa
Herriko eskulturarik adierazgarrienetako bat da, herriari buruz ezagutarazten den irudia baita. Burdinazko monolito erraldoi berezi hau joan den mendearen amaieran eraiki zen, "La Avanzada" estali zuten lanak aprobetxatuz. Herriaren erdigunea irudikatzen duen 20 metroko monolito bat da, eta herritarrek asko bisitatzen dute, jende askoren topaleku baita. ("Piruli" izenez ezaguna da)
Pinosolo parkea
Leioako herritarrek gehien ezagutzen eta bisitatzen duten leku berdeetako bat da, herriko birika berdetzat hartzen baita. Familia aberats batek erositako finka bat izan zen, aisialdirako toki bihurtu nahi zuena: tenisa, ehiza, zaldi gaineko ibilaldiak. Baina ideia utzi zuten eta finka erosi zuten bezala utzi zuten, ingurua hondatzea eraginez. Mende honen hasieran, udalak finka hau erosi du Pinosolo parke ospetsu bihurtzeko: espezie autoktonoak, zingira txikia, paseatzeko bideak… Udalerriko lekurik ezagun eta erabilienetako bat bihurtu da.
Atxutene Jauregia
Jauregi txiki hau 1828an eraiki zen, Canuto de Achutegui bere jabea zelarik. Jatorriz bilbotarra zen, baina jauregi hau eraikitzea agindu zuen bere bizitza berria hasteko. Eraikina ele formakoa da eta horma-hobi txiki bat dauka. Nahiz eta egoera txarrean egon, jatorrizko hormak eta zurezko ateak mantentzen ditu. Lekua erabat abandonatuta dago eta teilatua erabat suntsituta dago.
Ondiztorre
Gotiko estiloko 15. mendeko dorretxea da, Erdi Aroan lurraldearen defentsarako erabilia. Oso txikia da eta leiho txikiak ditu babesa errazteko. Duela 10 urtera arte, abandonatuta zegoen, baina Udalak zaharberritu egin zuen. Jatorrizko harrizko eraikina zaharberritu eta ondoan dagoen egurrezko dorrea eraiki zuen. Lurraldeko eraikinik antzinakoenetako bat izanik, oso ezaguna den leku bat bihurtu da, barnean tailerrak eta antzokiak prestatzen baitira.
Lamiako garbitokia
Erabilera publikoko eraikinik ezagunenetako bat da herrian, Lamiako urez hornitzeko eta arropa garbitzeko balio izan baitzuten. 19. mendearen amaieran eta 20. mendearen hasieran, Lamiako auzoa asko hazi zen, bertan kokatu ziren enpresen ondorioz. Bertako langileek edateko ur iturri bat behar zutela ikusi zuten, eta, beraz, Lamiako garbitokia eraiki zuten 1904an. Herritar askok ezagutzen dute herriko altxor txiki hau, ur pixka bat edan ahal izateko aprobetxatzen baitute.
You can add a comment or review this trail
Comments